BARRIOLA

Abelino Barriola deklamazio saria
Ikasleen artean euskararen erabilera bultzatzean euskara horren nolakoa edo kalitatea zaindu behar dugu. Ikaslearen aho-lumei darien euskara inguruak ematen dionaren ispilu izan ohi da -erdal giroko kasuetan ikastetxeak berak eta bertako irakasleek/langileek darabiltenarena, neurri handi batean-. Arlo honi ere gero eta arreta handiagoa jarri beharra azpimarratzen dute hizkuntz adituek, erabilera eta kalitatea elkarren zordun jotzen baitituzte.
Ikasle batzuk etxeko euskaratik, euskalkia edo azpieuskalkia tarteko, iritsiko dira batu standardera. Beste askok azken hau dute abiapuntu, erdal girokoak izaki. Standarda ondo ikastea da, noski, lehen erronka, baina hizkuntza bizi, gozo eta gatz-piperdunetik edaten eman beharra ere nabaria da. Euskara molde bera erabili behar ote dute ba jendaurre zabaleko egoera formalean, gelan irakasleari zuzentzen zaizkionean eta lagunartean?
Ahozkorako, eta jendaurreko irakurketan ebakera, doinu eta erritmo egokia helburu harturik, hainbat urte bete ditu, dagoeneko, Abelino Barriola sariak.
Lehiaketa honen epeak ikasturteko bigarren hiruhilekoan ireki eta ixten dira. Epeen berri eta lehiaketaren ingurukoak hartarako propio egindako Deialdian aurki ditzakezue. Bertan aipatzen diren ezinbesteko irakurgaiak eskuratu, gainontzeko irakurgaiak aukeratu eta grabazioa gauzatu. Grabatutakoa eskabide-orriarekin batera Euskara Zerbitzuko NOLEGA atalera bidali behar duzue.

